Prentsa oharra 2. 2018/01/07

2018-01-07 kaiene 0 Comments

Kaiene Otxarkoaga eta Bilboko pertsona ezberdinen eskutik jaio zen – dela herritar bezala dela mugimendu sozial eta politikoetatik etorrita – duela zenbait hilabete. Proiektua bertan parte hartzeko interesa duen orori zabalik dago.

 

Kaiene proiektuak hiru hanka ditu. Batetik egun auzoan asetuta ez dauden beharrizanei erantzuna eman nahi die. Horretarako auzokideek eurek zuzenean kudeatuko duten espazio komunitario bat behar dugu. Ikasleei babesa eskainiko dien herri eskola, gizarte prestazioei buruzko aholkularitza, hozkailu solidarioa edota ospakizunetarako txokoa martxan jarri nahi ditugu.

 

Bestalde Kaienek pertsona errefuxiatuen dramaren aurrean bere ekarpena egin nahi du. Erakundeek jarrera immobilista mantentzen eta beste alde batera begira jarraitzen duten artean, gure erantzuna argia da: zuek ez baduzue egiten guk egingo dugu. Otxarkoaga geneetan harrera, autogestioa eta borroka dituen auzoa da; gehien bat pertsona etorkin eta langileek sortutako auzoa da, eta elkartasuna behetik posible dela erakutsi nahi dugu. Hein horretan proiektuak harrera etxe eta gatazka politiko, miseria eta gerratik ihesi Bilbotik igarotzen ari diren  pertsonentzako informazio eta aholkularitza gune bezala funtzionatuko duen espazio bat izango du.

 

Azkenik, Kaiene ateneoa ere izango da: ideien eztabaida transbertsalerako, aktibismorako eta gizarte erakundeen topaketarako gune.

 

Otxarkoagak badu proiektuaren hiru hanka hauek martxan jartzeko espazio egoki bat, orain gauden espazio hau bera. Berau aukeratu genuen, eta ez beste bat, bere egokitasun teknikoagatik. Bere garaian mojen bizilekua izan zenez etxebizitza bezala erabiltzeko prestatuta dago, eta ez luke inbertsio edo erreforma handirik behar. Espazioa udal jabegokoa da, Bilboko Udalarena, eta honek Kutxabanki lagatzea erabaki zuen bere gizarte-ekintza garatu zezan. Hala ere bi urte darama bertan behera utzita, bi urte zeinetan ez Udalak ez eta bankuak ez duten espazioari erabilerarik emateko inolako interesik agertu. Are gehiago, duela bi hilabete Udalbatzako ordezkariek une hartan ez zegoela proiekturik eta ez zela aurrikusten etorkizun hurbilerako ere adierazi zuten.

 

Halere iragan hilaren 5eko ostiralean norbaitek segurtasun enpresa baten zerbitzu pribatuak kontratatzea erabaki du auzokideok denona den espazio hau berreskuratu eta berriro ere erabilera ematearen borondatea gauzatu ezin izateko.

 

Ofentsiba honek berriro ere agerian uzten du ezin dugula ezer espero erakundeen aldetik,  hedabideen aurrean hartutako konpromisoak betetzeko asmorik ez izateaz gain egungo egoera hobetu nahi duen herri ekimeneko edozein pausu oztopatu eta erasotzen baitute.

 

Azken erasoaldi honek alternatibak eraiki nahi dituenak desobedientzia zibilaren bidez egin beharko duela erakusten digu. Gaur espazio hau okupatzea erabakita genuen, eta Udala hau gerta zedin saihesten ahalegindu da. Baina proiektu hau aurrera ateratzeko borondatea sendoa da, eta ez da eraikin zehatz batetara mugatzen. Kaiene jaio da jada, Kaiene proiektua da, aterpea emango dion eraikina motorea baino ez da izango. Otxarkoagako auzoan asko dira bertan behera utzitako eta erabilerarik gabeko espazioak, eta horregatik ez dugu denbora askorik behar izan gaurko programazioarekin jarraitzeko leku berri bat topatzeko.

 

Eguna ez da antolatuta genuen moduan garatuko, agian gaur ez dira Kaieneren behin betiko ateak irekiko, baina jakin dezatela interpelatuta sentitu daitezkeenek gure konpromisoa sendoa dela: irekitzen amaituko ditugu ateok, ziur egon. Aldarrikapen eta topaketa jardunaldi honetan denok espero zaituztegu.

 

ESKERRIK ASKO ETORTZEAGATIK!